Zein arraroa egin zaidan liburu hau euskeraz irakurtzea!
Lehenengo aldiz 16 urterekin irakurri nuen, gaztelaniaz, hortik aurrera beste hainbatetan irakurri dut eta filmak ere hamaika bider ikusi. Hala ere, euskaraz izen guztiak aldatuta imajinatzea oso berezia izan da.
Hizkuntzaren hiztegia dela eta, noizean behin apur bat astun egiten da, baina abentura behin hasita, ez dago atzera bueltarik.
Eskualdetik atera eta Pottoka Zutituan Zango berriz topatzea sekulako esperientzia izan da.
Tom Bombadilen hitzaldiak Urrealerekin; Garagar Gantzuren ahaztea; Rivendellen Zorrozabal jaunarekin berriz sekretuetan ibiltzea; Moriako meatzetako emaitza ea aldatuko den itxaropena... Baina zoritxarrez, ez, hizkuntza dena delakoa izanik, beti gertatzen da gauza bera tamalez!
Abentura ezagunak beste ikuspegi batetik begiratzeko leiho berria izan da niretzat eta hurrengo biak ere euskaraz irakurtzeko irrikitan geratu naiz.
“Eraztun bat guztiak gobernatzeko.
Eraztun bat guztiak aurkitzeko,
Eraztun bat guztiak erakarri eta ilunpean estekatzeko
Itzalak hedatzen diren Mordor Lurraldean.”
Puntuazioa: 5/5*

No comments:
Post a Comment